Kutxateka, hunkitzen gaituzten irudiak
Argazkiak geuregandik eta geure ingurukoengandik hurbilen dagoena erakusten digu. Pertsonak, gertaerak eta lekuak betikotzeko aukera. Berebiziko aurkikuntza hori oso arrunt bihurtu da gure egungo bizitzan, eta nekez pentsatzen dugu garai batean gizateriak argazkirik gabe egin zuela aurrera.
Kutxateka 70eko hamarkadaz geroztik ari da bere funtsak zaintzen eta ezagutarazten. Funts horiek argazkigintzaren historiaren beraren parte dira dagoeneko. Gipuzkoa harro egon daiteke Europako argazki-artxiborik onenetako bat duelako, Kutxatekarena, alegia.
Funts horietan 800 argazkilari baino gehiagoren irudi eta arte-lanak daude, baita ere argazkigintzarekin zerikusia duten usadio eta generoak ere. Kutxa horretan, ezin bestela izan, ardura eta jaiera handiz daude gordeta argazkigintzaren korronte estetikoak, 1839an jaio zenetik gaur egunera arte.
Sarri galdetzen diogu geure buruari zerk egiten dituen funtsak erakargarri, hain liluragarri. Argazkilariak? Erretratatuek? Paisaiek? Erreportajeak? Natura hilak?... Zalantzarik gabe, arrazoi gehiegi dira bakar batean zentratzeko irudi bakoitzaren interesa.
Egia esan, argudio asko daude. XIX. mendean Nadar, Etienne Carjat edo Salomon-en erretratuak edo gaur egungoagoak diren Joan Fontcuberta, Aitor Ortiz eta Itziar Okariz-enak. Duela 150 urte baino gehiagoko Edouard Baldus eta Charles Marville-ren arkitektura-irudiak, edo modernoagoak diren Günther Forg, Humberto Rivas edo Giuliano Mezzacasa-renak. Adolphe Braun edo Felix Bonfils-en paisaiak argazkigintzaren hastapenetan, edo modernoagoak diren Imanol Marrodán, Roberto Botija, Dario Urzay, Aleksandr Rodchenko, Robert Doisneau edo Elio Ervitz-enak. Kameraren beste aldean dauden pertsonaiak: Charles Baudelaire, Victor Hugo, Raimundo Sarriegi, Vladímir Mayakovski edo Alfred Hitchcock.
XIX. mende-hasierako kamera ilunen bidez lorturiko erlikiak ere bai, Jeremiah Gurney eta Barthélemy Thalamas-en dagerrotipoak, Hippolyte Fizeau, Alphonse Poitevin edo Dujardin-en grabatuen berezitasuna… Emmanuel Sougez eta haren natura hilen irudi soilak, argazkilaritza arte autonomo gisa errebindikatzen dutenak. Baita lehenengo biluzi artistikoak ere, berebiziko sentiberatasuna zuen Constant Puyo argazkilariak eginak.
Kutxateka-ren irudiek artista, eszenatoki, historia, joera, joko eta nahikunde horien aztarnak erakusten dituzte istant batean. Irudikapen horrek ikuslearen konplizitatea eskatzen du, argazkiari bere sentimendua eta oroitzapena jartzeko. Gure historiaren ─edo gauza bera dena, geure─ zati bat.